Urdiain – Ur Goiena

Urte berriaren etorrera kantuz ospatzen dute Urdiaindarrek. Gauerdiko ezkilak jotzeko minutu gutti falta direnean Herriko Etxeko atarira biltzen dira herritarrak eta kopla hauek kantatzen dituzte. Ondoren, atea jo eta barnera sartzen dira iturritik hartu berri duten ur berria eskaintzera. Pitxerra eskutan bi gazte sartu dira lehendabizi eta bertara etorri diren gainerako herritarrak ondotik. Herriko Etxe barnean apaiza eta zinegotzi batzuk dituzte esperoan, ur berria herritarren artean banatu eta urte berria zoriontzeko. Opila ere partitzen dute.
Aspaldiko usadio hau galtzeko punttuan izan zen diktadura garaian, baina Satrustegi euskaltzaina zenaren inguruan bildu omen zen herritar talde bat eta gaur den egunerarte iraun du Ur Goienaren ospakizunak. Halaxe kontatu digu Miguel herriko apaizak.
Grabaketa honetan kantuaren azken koplak aditzen ahal dira, aldabarekin atea nola jotzen duten gero, eta azkenik herritarrak algaraka nola sartzen diren Herriko Etxean.

Egilea: Asier Gogortza
Data: 31/12/2011