Arrasate – arrana ta arrantza (1912)

Iturria: GAROA (Euskaltzaleak-Beñat idaztiak, Donostia, 1935)
Txomin Agirre (1864-1920)
70. orrialdea.

Done Tomas egun batean Mondragoe’ra joan bearra izan nuan. Azoka-eguna zan ta egunik aundienetakoa. Zazpi mila aingeru! Ba’zan uri artako kale arietan itzotsa, zarata, ixkanbila ta nastea galanki. Egurrez tontortutako gurdiak, erenkadatik ertenda, urrengoai ibilera galerazitzen; atzetik zetozen itzaiak, mendian bezela oiu egiñaz, beren uztarrientzat biderik ezin edekita; jolasbila edo apostura bakarrik joan ziran gizonak, ardangeletako ateaurrean,
betiko leloari utzi gabe, alkarri ardoa eskeintzen; artu-emanera zijoazen emakumeak, beso-ta buru-otarraz beterik, zerbait galdu etzezaten, alderdi guztietara begiraka ernai; leio-burnietan lotutako beiak ausnarrean, kalearen erdia berentzat bear zutela; idixko edo biantxa gazte izutiak atzeraka ta alboraka zalaparta gogorrean, enparantzaruntz iñola ere joan nai ezik; patxadako asto zamatuak, nunbaitetik sartu bearrean, aldemenetako guztiai bultzaka; txerrikume pizkor urduriak, beren taldetatik arrapaladan iges eginda, gizatartean edo aberien anketan usaika… nik eztakit zenbat tresna, ele, gizadi ta lazka ikusi nituan enparantzarako bidean. Edonun zegoan traba, esia ta eragozketa; non-nai adarkada edo ostikada baten arriskua; bazter guztietatik entzuten zan oo ta aída, arri ta iso, jeup eta kaixo, alajaña ta
arraiopola, aspaldikoa ta lagun zarra, txintxarria, kurrinka, orroa, marrua, arrana ta arrantza.

Irakurri liburu osoa

Egilea: Txomin Agirre (1864-1920)
Data: 16/01/1912