Miarritze – Kaleko saltzaileak (1909)

Iturria: Lehen Amodioa. Vladimir Nabokov.
Euskaratzailea: Jasone Larrinaga. Armiarma.com, 2013

“(..) Mugimendu eta soinu gehiago zetozen kaleko saltzaileengandik, aldarrika eskainiz cacahuxtes-ak, azukrezko bioletak, berebiziko berde-koloreko pistatxozko izozkia, cachou-pastillak eta bidoi gorri batetik ateratzen ziren gauza lehor, harearen antzeko, galletaren itxurako baten zati handi eta konbexuak. Gerora inongo gainjartzerik lainotu ez duen klartasunarekin, galleta-saltzaile hura ikusten dut irin-hondar sakonean oinak sartzen, bizkar makurtuan bidoi astuna zeramala. Deitzen ziotenean, sorbaldatik jaisten zuen uhalari bira bat emanez, kolpe batekin uzten zuen hondarrean Pisako dorrearen jarreran, eta zenbakiak zeuzkan iparrorratzaren antzeko mekanismo bat manipulatzen zuen bidoiaren estalkian. Geziak kirrinka eta burrunba egiten zuen jira-biran. Zoriak erabakitzen omen zuen sos baten truke ematen zuen galletaren tamaina. Zenbat eta handiagoa, atsekabe handiagoa hartzen nuen beragatik.” (Irakurri testu osoa)

Egilea: Vladimir Nabokov / Jasone Larrinaga
Data: 16/06/1909