Miarritze – hondartzan (1909)

Iturria: Lehen Amodioa. Vladimir Nabokov.
Euskaratzailea: Jasone Larrinaga. Armiarma.com, 2013

“(..) Bainua hartzeko prozesua hondartzako beste leku batean izaten zen. Bertan zeuden bainulari profesionalak, euskaldun gihartsuak bainujantzi beltzekin, emakumezkoei eta umeei uhinen ikarez gozatzen laguntzeko. Horietako baigneur batek hurbiltzen ari zen olatu bati bizkarra emanez kokatzen zintuen eta eskua ematen zizun ur berde, apartsuaren masa birakari eta geroz eta handiagoa bortizki eta atzetik erortzen zenean zure gainera, neurrigabeko zartako batekin ahoz gora eroraraziz. Horietako dozena bat txilinbueltaren ondoren, baigneur-ak, itsas txakur bat bezain distiratsu, bere ardurapekoa arnasestuka, dardarka eta sudur bustiaren mintzoarekin, lehorrera eramaten zuen, itsasbazter laura, non emakume zahar, kokotsa ile zuriz bete, ahaztezin batek soka batetik zintzilik zeuden bainu-batetatik bat aukeratzen zuen berehala. Aldagela txiki baten segurtasunean, beste enplegatu batek laguntzen zizun bainujantzi busti-bustia eta hareak astundutakoa kentzen. Bainujantzia plaust erortzen zen oholen gainean eta, gorputza oraindik dardaraka, oinak ateratzen zenituen eta bere marra urdinxka, lausoak zapaltzen zenituen. Aldagelak pinuaren usaina zeukan. Laguntzaileak, zimur alaitsudun lepoker batek, irakiten zegoen ura ekartzen zuen konketa batean, eta bertan sartzen zenituen oinak. Harengandik ikasi nuen, eta ordutik hona nire oroimeneko kristalezko zelula batean gorde izan dut, euskaraz “butterfly” misericoletea dela —edo hala iruditu zitzaidan behintzat (hiztegietan aurkitu ditudan zazpi hitzetatik micheletea da gehien hurbiltzen zaiona).” (Irakurri testu osoa)

Egilea: Vladimir Nabokov / Jasone Larrinaga
Data: 17/06/1909