Tradizio handiko inauteria da Lantzekoa. Ongiaren eta gaizkiaren indarrek elkarren kontra egiten dute hainbat egunetan zehar.
Inauteri astearte bakoitzean, Miel Otxin lapur mitiko eta gaiztoa harrapatu, epaitu eta sutara botatzen dute. Panpina 3 metrokoa da, atorra estanpatua, praka urdinak eta gerriko gorria ditu soinean eta txano koniko ikusgarria darama buruan.
Horretaz gain, pertsonaia hauek osatzen dute segizioa: Ziripot, gizon barregarri eta lodikotea, gorputza lastoz beteriko zakuez estalia duena eta baldar ibiltzen dena; horri segika, Zaldikoa, zaldi basatia, eraso egiten diona lurrera bota arte; Arotzak, mailuak eta kurrikak daramatzatenak eta Zaldikoaren atzetik korrika doazenak, ferratzera; eta, azkenik, Txatxoak, erratzekin joaz eta oihu eginez jendea zirikatzen dutenak.
Grabaketa honetan Txatxoen oihuak eta joareak entzuten dira txistulariekin doinuekin batera, Miel Otxin tiroz hiltzera plazara eramaten ari diren bitartean.
Egilea: Asier GogortzaData: 08/03/2011