Ezterenzubi – izigarriko hurrubiak intzunez (1923)

Iturria: Basa Jauna gauaz irrintzinaka (1923)
Pierre Duny-Pétré (1914-2005)
“Ezterenzubin, 1923garren urtian, ene haur lagunen ahotik ikasia”

Behin batez, Antsolako artzainek utzi zuten Pettan, mutil gazte bat, Artxilondoko etxola batian bakarrik, behar zutela astotarat gasna ereman Beherobirat, eta biharamunian itzuliko zirela goizian-goizik, etxeko janari goxoekin saskietan. Beraz, gure artzain berria, iluna gabe arratseko lanak eginik, afaldu-ta lokartu zen. Bana gau hartan, otsoak agertu ziren, eta Pettan zanpez iratzartu zen, izigarriko hurrubiak intzunez, zakurra aldiz ikaran zelarik, dena intziri, zoko batian. Iduritzen zakon, otso horiek ari zirela joka arditegiaren aintzinian, kalapita gorrian, noiz eta ere denak eztitu baitziren bat-batian. Ardi joare zonbait bezik etziren aditzen. Zergatik ixiltasun hori? Zer gertatu ote zen?
Ordian, Pettanek ideki zien borta doi-doia, eta hor berian egon harritia. Ilargiarekin ikusten ahal zien alimaleko Basa Jaun bat, beltz-beltza, hartza handi bat iduri, eta makila eskian. Bana zer makila!… gizon baten ixterra bezain lodia! Lurrian aldiz, baziren bi otso etzanak zangoz gora, hilak. Basa Jaunak, esku batez hartu zitien otsoak, buztanetik biak batian, eta airez-aire botatu bizkarrerat zahagi huts batzu bezala. Urruntzen ari zen emeki, bere otsoak dilindan, bana etxolari so eta so. Hola ohartu zen Pettan hor zela, zutzuta, beldurrarekin ikaran. Basa Jaunak, kexatia, erran zakon oihuka:
— «Hi, mutikoa, egon hadi hire tokian perestuki, edo bestenez makil ukaldi batez, kalitzen hut otso txar horiek bezala!… Beharbada artzain gazte bat hiz. Beraz, jakin zak iluna hedatzen delarik mendietan, ni nizala denen nausia, goizeko argia zabaldu artio!»
Hortan, Basa Jaunaren hasarria eztitu zen. Eta bere makila zirurikatuz, joan zen zaluki gauaren ixiltasunian. Asmatzen ahal da Pettan sartu zela brixtez etxolaren barnerat. Bana egon zen gau guzia iratzarturik, loa ezin atxemanez.

Irakurri jatorrizko idatzia

Egilea: Pierre Duny-Pétré (1914-2005)
Data: 13/08/1923