Ezterenzubi – Gauaz irrintzinaka (1923)

Iturria: Basa Jauna gauaz irrintzinaka (1923)
Pierre Duny-Pétré (1914-2005)
“Ezterenzubin, 1923garren urtian, ene haur lagunen ahotik ikasia”

Zonbait aldiz Errozateko bortietan, lanoa hedatzen da bazter guzietara negian eta udan ere. Hala gertatu zen agorrilako arratsalde batez, bi artzain mendiz-mendi ari zirelarik ardi batzu ezin bilduz. Erreka malkar batian, bakotxa bere aldapetik ibiliz, zoko-moko guziak ikertu zituzten. Noiztenka gelditzen ziren, hea intzuten ahal zituztenez ardi joare zonbait. Bana dena debaldetan. Iruzkia apaltzen ari zen itsas aldian, eta lano herresta zonbaitek mendi mazelak estalitu zituzten.Ordian, artzain batek eman zien zinka labur bat bere lagunari adiarazteko itzuli behar zutela etxolarat lehen bai lehen. Beraz, erreka hortarik ateratu beharrez, joan ziren gaineko alderat, bidexka baten atxemaiteko xediarekin. Hantik laster, ilun beltza hedatu zen lanoaren ondotik.
Gizagaizoak! Etzuten gehiago ikusten ahal norat zabilan. Eta biak elgarretaratu nahiz, irrintzinaka hasi ziren aldizka malda batetik besterat, noiz eta ere artzain bat ohartu baitzen izigarriko leize baten hegian zela!…
Urrats bat aintzina egin balu eroriko zen zilo ilun horren barnerat. Doi-doia gelditu zen, zangopetan alimaleko harri kozkorrak lerraraziz erroitzari behera. Eta halere irrintzina beti heldu… leiziaren aldetik, oiharzun bat bezala!…
Beste artzainari ere gauza bera gertatu baitzakon, bixtan zen gizon horiek Basa Jauna kexarazi zutela gau hortan, hunen egoitzaren ondoan ibiliz uste gabian, eta hau ere irrintzinaka hasi zela gaxtakeriak, biak erorrarazteko leiziaren barnerat. Zorionez, bakotxak bere aldetik, ihes-leku bat atxeman zien harpe zoko batian, Basa Jauna utzirik urrun bere jukutriarekin. Han, untsa gordeturik, ixil-ixila, igurikatu zuten goizargia, eta azkenian etxolarat agertu ziren, arrunt leherrinak bana makurrik gabe.

Irakurri jatorrizko idatzia

Egilea: Pierre Duny-Pétré (1914-2005)
Data: 13/08/1923