Bidarte – Idi orga zaharra 2 (1843)

Iturria: Idi orgaren karranka (Euskal Herrian gaindi, 1843) (Elkar, 2002)
Victor Hugo (1802-1885). Itzulpena: Koldo Izagirre
Idi orga.

“Hagitz ttipia nintzen mendi hauek iragatean lehenengoz entzun nuenean. Joan den egun horretan, belarrira heldu baikoz, entzute hutsaz sentitu nintzen tanpez gaztetua, haurtzaro guztia arrapizten zela nigan.
(…) Idi orga bere musika basatiarekin hurbiltzen zen heinean ikusten nuen berriz argiro iragan xoragarri hori eta, ene iduriko, iragan horretarik hona ez zegoen deus ere. Atzo zen.
(…) Ene inguruan pasaiariek tapatu egiten zituzten belarriak; bihotza lorietan nintzen ni. Ez Weber-en koru batek, ez Beethoven-en sinfonia batek, ez Mozart-en melodia batek sorrarazi dute inoiz gaizki harriztatutako bide batean gaizki koipeztatutako bi gurpil horien karranka haserreak ene baitan sorrarazi zuena loriazkoz eta ezin esan ahalakoz.
Orga urrundua zen, zarata ahuldua zen emeki, eta mendian galtzen zen heinean haurtzaroaren berragertze izarniatsua itzali egiten zen ene gogoan; gero oro zen urtu, eta nitaz beste zalerik ez zuen kantu horren azken nota urruntasunean suntsitu zelarik, bet-betan jin nintzen errealitatera, orainera, bizitzara, gaura.
Bedeinkatua izan dadila itzain ezezagun hura, ene pentsamenduari distira eragiteko eta, jakin gabetarik, ene arimaren oroitze magiko hau sortzeko ahalmena ukan duenez! Dakiola zerua amestiaren espiritu iluna ezusteko argitasunaz alaitzen duen bidezkoari!
Adiskide, honek bete egin du ene bihotza. Egun ez dizut besterik idatziko.”

Ikus testu osoa SUSAren webgunean.

Egilea: Victor Hugo (1802-1885)
Data: 27/07/1843