Aia – Gurdi-txistuak (1950)

Iturria: Garai bateko arto-ereite eta arto-zuritzeak (Auspoa, Donostia, 2008)
Nikolas Zendoia.
Sasi guztien gaiñetik, 40 orr.

Baiña, ori bai, musika eta guzti; gurdi-txistuak, alegia. Jakiña: simaurrak zuen zamarekin gurdi-ardatza berotzen zanean, soiñu dotorea jotzen zuen. Idi pareak zer martxa zeraman, alako konpasa musikak. Bide-estratetan zenbat drangu, ainbeste nota, dringi-dranga. Gaiñera, gurdi bakoitzak soiñu ezberdiña zuen. Ori, ardatzaren egurraren arabera oi zan. Norbaitek parre egingo du; baiña zenbait gurdiren txistua, dotoreetan dotorea ere bazan. Oraindik geiago esango det: inguruetako baserrietako amar-dozena bat gurdi txistua joaz zijoazenean, eta kukua zuaitz tartetik kukuka, ura entzutekoa zan gero! Musika-mota ari solfeoa jarriko zion abillik oraindik ez da jaio.

Idatzi osoa PDFan

Egilea: Nikolas Zendoia
Data: 15/06/1950