 |
labeatzomorroen bibisekzioa
Leire López Ziluaga
Gozamena izan da disko hau sortzeko prozesua hurbiletik ikustea.
Bertsioz osatutako diskoa egingo zutela esan zidatenean, zerbait
testimoniala izango zela pentsatzen nuen, zuzenekoetan talde batek
bertsioa joko duela esan eta, asko jota, kanta azkarrago edo motelago
jotzen duenean bezala.
Urri aldera
pasatu zizkidaten lehenengo abestiak, entzun eta iritzia emateko. Artean
kantak jatorrizko hitzekin abestuta zeuden. Gogoan dut jatorrizko kantak
pasatzen zizkidatela lehenengo, eurak sortutakoekin alderatzeko edo.
Harridura izan zen lehenengo sentsazioa. Zuzenean hamaikatxo aldiz ikusi
izan ditudan arren (hobeto esanda, ikusi ditudalako), entzun nuena ez
zen taldearengandik espero nuena.
Orduan ez
nekien espero nuena baino hobea edo txarragoa bazen. Dena dela, gauza
bat argi geratu zitzaidan: ez zituzten kantak azkarrago edo motelago jo,
ez zituzten kantak besterik gabe euren musika-esparrura eraman.
Jatorrizko kanta batzuetatik abiatuta, bestelako kantak sortu zituzten.
Etenenak.
Ez da erraza
bizi dugun garaian orijinaltasunaren gaia jorratzea (orijinala izatea
beste gauza bat da, eta ez, ez dira orijinalak). Duela zenbait urtera
arte, istorio on bat kontatzearekin nahikoa zen, baina orain badirudi
sortzen den obra bakoitzean artea bera zalantzan jarri behar dela,
istorioak kontatzea alde batera utzita. Kasu honetan, orijinaltasunaz
gogoeta egiteko aukera eman digu Etenek. Ez dizkigute erantzunak eman,
baina galderarik ere ez. Izan ere, diskoa entzutea ere sormen lana izan
behar da, edo, gutxienez, jarrera kritikoarekin egin beharreko zerbait.
Nork bere galderak sortu behar ditu, nork bere erantzunak aurkitu.
Ez dut nik
hitzen kalitateaz
idatziko. Musikarekin egin zutenaren antzeko zerbait egiten saiatu ginen.
Hitzak euskarara "itzuli" genituen, baina ez gaur egungo itzultzaile
batek egingo lukeen bezala, baizik eta garai bateko itzultzaile
frantsesen gisan, "belles infidels" haiek sortu zituztenen gisan.
Jatorrizkoak eta "itzulpenak" irakurtzen dituenak bien arteko lotura
ikusiko du. Hari oso finek baino ez dituzte lotzen, baina hari horiek ez
balira hor egongo, hitz horiek ez lirateke existituko. Hitzei buruz
esaten den guztia disko osoari aplikatu ahal zaio, jakina.
Orain behin
betiko kantak entzuteko aukera dugu. Nik gauza bat eskertzen diet.
Musikari buruzko zenbait galdera plazaratzeaz (edo errepikatzeaz) gain,
istorio bat kontatzeko gai izan dira. Istorioaz ari naizenean ez naiz
hitzez ari, disko batek ez baitu hitzen beharrik istorio bat gordetzeko.
Copyright-aren taxmanek ezartzen dituzten mugei aurre egiteko diskoak
krediturik ez duenez, beharbada batzuek ez dute jakingo bertsioz
osatutako diskoa denik ere, ez dizkiote beren buruari taldekideek diskoa
egiterakoan beren buruari egin zizkioten galderak egingo. Diskoak
galdera horiek gabe ere istorio bat kontatzen duenaren seinale. Hori bai,
azaleko istorioaz aparte sakonekoa ere ulertzen dutenek gehiago gozatuko
dute.
Gozamena
izango da hemendik aurrera etxeko platoan entzutea.
|
 |